Enpresa zuzendaritzaren eta giza baliabideen kudeaketa estrategikoaren teoriek argi adierazten dute langileen motibazioa, ezagutza eta jarrera gakoak direla erakundeek beren helburuak bete ditzaten. Euskararen normalizazioaren alde sektore publikoan zein sozialean lanean ari diren langileen motibazioari eta talentu-atxikimenduari erreparatzen die lan honek, langileen zaintzaren beharra azpimarratu eta motibazioan eragiten duten aldeko eta kontrako faktoreak argitara ateratzeko. Lanerako jasotako erantzunen arabera, hizkuntza-normalizazioa lortzeko lan egiten duten pertsona gehienek bokazioa eta lotura afektiboa sentitzen dituzte beren lanarekiko. Hala ere, langile kualifikatuei eusteko zenbait erronka ditu sektoreak. Gainera, mugimendu sozialaren eta erakunde publikoen artean zenbait desberdintasun antzematen dira.