Euskal Herriak lur eremu handia ez badu ere, herri batetik bestera sortzen diren euskararen erabilera aldaketak nabarmenak dira. Egiaz, ikerketa honen xedea gazteen hizkuntzara hurbilketa bat egitea da. Horretarako, Durangaldeko 16 eta 18 urte bitarteko gazteen hizkuntza-praktikak aztergai izan dira, hain zuzen ere, Durangoko Ibaizabal Ikastolakoak eta San Jose Jesuitak Ikastetxekoak. Lehenengo, gazteen euskararen erabilera aitortua ezagutzeko, bi ikastetxeetako 376 gazteek galdetegi bat erantzun dute. Ondoren, behaketa etnografikoa eginda, hiztunek hizkuntza zein unetan erabiltzen duten identifikatu ahal izan da. Azkenik, lau eztabaida-talde bideratu dira, hezkuntza zentro bakoitzean bi talde. Horiekin guztiekin, gazteen gogoeta eta iritzietatik abiatuta, euskararen egoera arau sozialen zokoan aztertu da.