Maite García Ruiz
Getxoko testuinguruan kokatzen den ikerketa kualitatibo batean oinarrituta, artikulu honen helburua da familia batzuek seme-alabengan euskararen erabilera sustatzeko erabiltzen dituzten estrategiak partekatzea. Jakina da hizkuntza batzuek inolako sustapenik behar ez duten bitartean, hizkuntza gutxituen kasuan ez dela horrela izaten, eta ez direla gutxi egoera horren aurrean babesgabe edo ezintasunean sentitzen diren familiak. Hala ere, badira hainbat eratara eta eremu ezberdinetan eraginez hizkuntza gutxitua sustatzen duten familiak, gure kasuan euskara. Hizkuntza-sustapen hori Familiako Hizkuntza-Politikaren (FHP) eta Hizkuntza Sozializazioaren (HS) hurbilpen teorikoen baitan interpretatzen da lan honetan. Emaitzek erakusten dute parte-hartzaile horiek familia barruan euskararen aldeko estrategiak dituztela eskolaz kanpoko jardueretan eta aisialdian eragiteko, horiek aurrera eramateko, hainbat zailtasun identifikatzen dituzten arren.