Maite García Ruiz, Ibon Manterola Garate
, Anik Nandi 
Stroud-en (2018) herritartasun soziolinguistikoaren egitura analitikoa abiapuntu hartuta, gobernuaren hizkuntza-politiken eta hainbat gizarte-eragileren aldetik (gurasoak eta haurrak, esaterako) horiek interpretatzeko, txertatzeko eta/edo negoziatzeko moduaren arteko lotura konplexua aztertzen da artikulu honetan, gizarte eleaniztunetan hizkuntza gutxituak erabiltzeko edo ez erabiltzeko gune ideologikoak agerian utziz. Ikerketa honetako parte-hartzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Galiziako hizkuntza gutxituen alde beren seme-alabak euskaraz edo galegoz hezteko erabaki kontzientea hartu duten gurasoak dira. Ikerketa-metodo kualitatiboak diren behaketak, elkarrizketak eta eztabaida-taldeak erabiliz, erakusten dugu nola guraso horiek hizkuntza-politikaren bitartekari bihurtzen diren etxean eta kanpoan askotariko estrategien bidez. Gainera, argudiatzen dugu gurasoek diskurtso politikoan duten partaidetza oso aldizkakoa eta ad hoc ager daitekeela, baina haien banakako ekintzak mobilizazio kolektiboetara bideratzen direnean, behetik goranzko hizkuntza-politikak ekar ditzaketela.