Lionel Joly
Euskararen normalizazio prozesuan gero eta garrantzitsuagoak bihurtu dira Internet eta euskararen osasun digitala, horregatik haien ebaluazioa egitea ezinbestekoa dirudi, nahiz eta horrek ez duen hizkuntzaren benetako bizitasun sozialaren isla ematen. Antzeko egoera bizi izan zen telebistarekin: kate gutxi zeuden garaian euskarazko bat edukitzeak ez zuen berez hizkuntzaren egoera soziala islatzen. Interneten eta Wikipedian euskarak presentzia handia du, bere hiztun kopuru txikia kontuan hartuta, politika publikoen laguntzari eta euskal komunitatearen konpromisoari esker (Waliño 2019b; Goñi 2019). Bizitasun digitala hiru alderditan aztertu liteke: eskaintzan, hau da, zenbat tresna eta eduki sortzen diren euskaraz eta publikoari eskaini; eskarian, hau da euskaldunek zenbat eduki edota tresna digital eskatzen duten; eta erabileran, hau da eskaintzen diren euskal produktu digitalak zenbat kontsumitzen diren. Hala ere, Waliñok (2019b) ohartarazi duenez, ez dago datu zehatz eta objektiborik sare sozialetan edo webguneetan euskararen erabilera neurtzeko. Artikulu honetan ikusten denez, datu horiek kontu handiz jaso behar dira. Horrez gain, artikuluan ikusten denez, bizitasun digitalak ez du informazio zuzenik ematen euskararen gizarte bizitasunari, osasunari edo etorkizuneko biziraupenari buruz. Digitalizioak euskararen bizi-iraupenerako izan ditzakeen aukerak eta muga nabarmenak aztertzen dira artikuluan.