Euskararen egoera EAEn nolakoa den zehazteko hiru aldagai nagusi hartu dituzte kontuan egileek: hizkuntza-gaitasuna, lehen hizkuntza, euskararen erabilera. 1991ko zentsuko datuen arabera, EAEn hizkuntza-ezaugarriei dagokienez eta adina kontuan hartuta, egoera zein zen azaltzen digute. 25 urtetik beherakoetan, esate baterako, gero eta gehiago ziren ordurako euskara etxetik kanpo ikasi zutenak. Baina etxean euskara erabiltzen zutenen eta zekitenen artean gero eta alde handiagoa zegoen. 2001eko zentsuko datuen arabera, elebidunak biztanleriaren herena dira (%32,2), hamar urte lehenago baino 107.000 lagun gehiago. Erabilerari dagokionez, gero eta gehiago erabiltzen da euskara, oro har. Baina ezagutzaren eta erabileraren arteko jauzia gero eta handiagoa da. Euskaraz hitz egiteko gaitasunaren eta etxeko erabileraren artean dagoen alde hori ulertzeko, erabileran eragiten duten faktore nagusiak aztertu dituzte artikulu honetan. Amaitzeko, aurrera begirako gogoeta egiten dute egileek: euskararen erabilera esparru akademikotik harantzago zabaltzeko eta gazte elebidunek eskolan eskuratutako hizkuntza-gaitasuna laguntasun-erlazio informaletan sendotzeko programak abian jartzea lehentasun osoko ikusten dute. Erabilera soziala areagotzeko eskaintza handitu beharko da eta hizkuntzaren prestigioa landu.