Euskadi Irratiko kazetariek hogei urte badaramatzate jendaurrean hitz egiten, eta jakin badakite hizkuntza zaindua zor diotela entzuleari. Horrek berarekin dakar euskara batuaren arauak zuzen betetzea, euskara jatorraren iturrietatik edatea, eta egoera komunikatibo desberdinei egokitzea. Baina teorian garbi dagoena eguneroko lanean uste baino ilunagoa da. Egunerokoan sorturiko kezkak azaldu dizkigu artikulu honetan Odile Krutzetak, Euskadi Irratiko zuzendariak. Hogei urteko perspektiba hartuta, Euskadi Irratiak euskara batuarekiko bete dituen funtzioak azaldu dizkigu bertan. Zubiak eraiki dituzte, bere esanetan, euskararen batasunak eskatzen dituen forma jasoen artean eta sukaldeko mintzairaren artean. Bestalde, hurrengo urteotan hizkuntzari dagokionean izango dituzten erronka batzuk ere aipatzen dizkigu: euskalkien altxor oparotik euskara batuko eguneroko jardunera zer ekarri behar den identifikatzea eta lantzea, esate baterako. Ahoskera batua izango da, bestalde, euskalkiekin batera ahozko hedabideetan hurrengo urteotako langai nagusietako bat. Gure aitajaunek eta amandreek hain dotore eta trebe erabiltzen dituzten ahozko baliabideen bilketa eta azterketa sistematizatua egitea ere, aurrera begirako eginbehar horien artean aipatu digu egileak.