Erabilera planen alde eta kontra faktore asko dago. Alde ditugunez gain, kontra ditugun faktoreak ere ezagutzea ezinbestekoa da berauek gainditzen asma dezagun. Artez erakundeko kide den Patxi Alañak faktore horiek azaltzen dizkigu artikulu honetan, hiru multzotan banaturik: lehenik, faktore soziolinguistikoak azaltzen dizkigu; euskara plan gehienek barne motibazio bati erantzun diote. Ezinbestekoa dena da ondoren faktore berriak etortzea prozesu hau zabaltzeko eta, are gehiago, enpresa guzti-guztietara hedatzeko. Eta, faktore horiek, oraindik ez dira heldu zoritxarrez, egilearen esanetan. Bigarren multzoan, faktore politiko-legalak aipatzen dizkigu, lurraldez lurralde; izan ere, euskara planen garapenean zerikusi handia dute egoera politiko-legalek, batez ere, lege horien ondorioz, diru laguntza bide batzuk jarri direlako. Hirugarrenik, faktore ekonomikoetan, besteak beste, euskararen alde egiten duten enpresak eta mundu kooperatiboa ditu mintzagai egileak.