Iulen Urbiola
Idazki honetan euskara Nafarroako esparru publikoan erabiltzeko eskubidea aztertuko digu Iulen Urbiolak, batez ere praktikaren ikuspegitik. Nafarroan pisu handiko bi administrazio daude: batetik, Nafarroako Gobernua eta, bestetik, Iruñeko Udala. Bi erakunde horiek garatzen dituzten hizkuntza politikek Nafarroa osoan dute isla eta eragina. Horrexegatik, hain zuzen ere, saiatu da batean eta bestean gertatzen dena islatzen. Legeari dagokionez egungo testuingurua zein den azaldu ondoren, 3.atalean (praxia) aurkezten dizkigun egoeren bidez aise ikusiko dugu nola interpretatzen eta aplikatzen den arauen markoa Nafarroan eta Iruñeko Udalean. Zehazki, praktika aztertu du, arlo horretan ikusiko baitugu zein den euskara erabiltzeko eskubidearen egoera Nafarroan. Nafarroako administrazio publikoetan euskara erabiltzeko eskubideak estaldura desberdina du, hizkuntza eremuaren arabera. Eremu bakoitzean, sektoreka dagoen egoerari argazki bat atera nahi izan dio egileak: administrazio publikoan, administrazio autonomikoan, hezkuntza ez-unibertsitarioan, ikastoletan, irakaskuntza teknikoan eta Lanbide Heziketan, unibertsitatean, hedabideetan, eta hiriburuan.