Pello Mariñelarena, Irene López-Goñi
Artikulu honen lehen zatian, Nafarroako euskaltzaleek eta ikastolek XX. mendean zehar egindako lana agertu digute Pello Mariñelarenak eta Irene Lopez-Goñik ikuspegi zabal batetik, epe luzeagoek etorkizuna proiektatzen laguntzen dutelakoan. Halaber, gaur egungo egoeraz eta NIEko ikastolek duten erronka instituzionalaz zein pedagogikoaz mintzatu zaizkigu. Bigarren zatian, Nafarroako Ikastolen Elkarteko arduradun diren aldetik, eskatu zaien iruzkin honen bidez, Nafarroako euskarazko hezkuntzaren kalitatearentzat erabateko garrantzia duen proiektua gizarteratzen saiatu dira: ikastoletako hezkuntza komunitatearen prestakuntza; izan ere, horixe da abian jarri duten azkenetako proiektua. Horretarako, Nafarroako Ikastolen Elkartea eta partaide diren Konfederazioa gauzatzen ari diren prestakuntza ildo nagusiak azaldu dizkigute. Baina bere osoan uler dadin, hezkuntza munduan oro har eta ikastoletan bereziki gertatzen ari den paradigma aldaketaren berri eman digute. Azken atalean, Nafarroako ikastolek etorkizun laburrera begira dituzten erronkak ere laburbildu dizkigute.