Xabier Azkue
Erabilera-planen aldeko argudioen inguruko balorazio txiki bat egitea da izan da Xabier Azkuek prestatu digun artikulu honen helburu nagusia (aurreko zenbakian joan behar zuen lan honek). Hezkuntzan eta beste alor batzuetan aurrerapauso handiak egin diren arren, ez da berdin gertatu lan-munduan. Hori dela eta, ahulen dagoen arloetako bat dela ikusita, apustu handia egin beharra dago arlo sozioekonomikoan, euskarak orain artean hain arrotz izan duen eremu horretan bere tokia hartzea lor dezan. Euskara-planek eskatzen duten konpromiso eta dedikazio handiaz aritu da egilea lan honetan. Erakundeetan gogoeta estrategikoak egitea tokatzen denean, hizkuntzarenak ardatz bat izan behar du, zeharka beste guztietan hortxe egon beharko dena. Azken batean, aldaketa bat bilatzen dugu euskara-planaren bidez, eta beharrezkoa da horrelako aldaketei izaten zaien beldurrari aurre egin eta konfiantza transmititzea. Enpresarentzat erabaki estrategikoa da euskara-plana gauzatzea. Azken urteotan erabilera-planen aldeko nahikoa argudio bildu dugu; diskurtsoa findu dugu eta gero eta antolatuagoa daukagu, gainera. Administrazio, sindikatu, enpresaburu, eta gainerako eragileoi arrazoi horiek barneratu, guk geuk sinetsi, eta ahalik eta egokien transmititzea da falta dena. Denon ardura da, elkarrekin eta elkarlanean egin beharrekoa, sustapenean lan gutxiago eta planetan zuzenean lan gehiago izan dezagun.