LAB sindikatuak IRAKASKUNTZA EUSKALDUNTZEKO PROPOSAMENA izenburuaz aurkeztu digun txostenean datu interesgarriak aurkitu ditugu dossier honetan jakitera emateko. Txosten osoa bere horretan argitaratu ezin genuenez, hizkuntza ereduen gaiarekin loturiko atalak aukeratu ditugu artikulu honetan ezagutzera emateko. Beraz, 2006an LAB sindikatuak aurkezturiko txostenetik hartutako zenbait atal dira hemen aurkezten ditugunak.
Lehen atalean, ¿Euskalduntze politikaren bilakaera eta emaitzak¿, Euskal Herri mailako datu orokorrak eskaintzen zaizkigu: ereduen garapena, adinaren eta ikasmailen arabera (2004-05 ikasturtea), ereduen garapena lurraldeka eta sareen arabera, ikasle etorkinen eskolatze hizkuntza, Euskal Herri osoko datuak hekuntza eredu eta ikas mailen arabera, ibilbidearen balorazio orokorra, etab. Bigarren atalean, irakaskuntzaren euskalduntzea errotik berritzeko zenbait zutabe proposatzen dituzte; esate baterako: euskalduntzea bermatzeko neurri akademikoak, ereduak gainditu, murgiltze sistema bultzatuz, politika espezifikoak garatu, etab. Txostenean nabarmentzen den ideia nagusietakoa hauxe da: egungo hizkuntz ereduen garaia agortu da, inmersio edo murgiltze eredua da hedatu behar dena.