Lan hau Kataluniako Generalitateak eta Balearretako gobernuak argitaratutako lan baten atal bat da. Bertan Katalan hizkuntzak Europan duen pisu erlatiboa aztertzen da, demografia eta aberastasunari dagokionez. Beti ere Katalan Herrien perspektibatik abiatuz (Katalunia, Balearrak eta Valentzia). Hiru dimentsio nagusi biltzen ditu: Katalana Europako hizkuntza ofizialen eremuan; Batasunean sartzeko diren estatuen hizkuntza ofizialen eremuan eta Europako Batasuneko hizkuntza gutxituen eremuan. Hiru dimentsio horiek aztertuta agerian gelditzen da Katalana Europan mintzatzen diren hizkuntzen artean zazpigarrena dela bere lurralde eremuan bildutako herritar kopuruari dagokionez eta, halaber, komunitaterik aberatsenen artean dagoela.