Lan honetan hizkuntza-plangintzetan ematen diren erresistentziei buruzko gaian sakondu gura izan dut. Horretarako, abiapuntua izan da hizkuntza-plangintzak eraldaketa-plangintza gisa aztertzea.
Hizkuntza plangintzak, gehienetan, esparruko hizkuntza egoera aldatzeko helburua dauka; eraldaketa sustatzea du bere jomuga. Lan honetan organizazioetan ematen diren eraldaketa-plangintzak, hau da, hizkuntza-plangintzak, landu ditut batez ere.
Perspektiba sistemikotik, organizazioetan hainbat aldagai aurki ditzakegu: gizabanakoekin zerikusia daukatenak, organizazioaren kulturari lotutakoak� Eraldaketa plangintzak abiatzean hainbat interes kontrajarriren arteko lehia sortzen da eraldaketa-prozesu horretako faseak aurrera doazen neurrian. Horren ondorioz, eraldaketekiko erresistentziak sortzen dira.
Honakoan, eraldaketa-plangintza ezartzeko moduek sortzen dituzten erresistentzien inguruko teorizazioak aztertu ditut: definizioak, erresistentzien ondorioak, moten sailkapenak (izaeraren araberako erresistentziak eta eraldaketa-fasearen araberako erresistentziak)...
Azken atalean, arlo teorikoko ekarpenak osatzeko egin dudan erresistentzia-motei buruzko inkesta baten emaitzak eta ondorio orokorrak bildu ditut. Horren guztiaren helburua izan da hizkuntza-plangintzak organizazioetan abiaraztean kontuan izan beharreko faktore horrekiko hurbilpen xumea egitea.