Xabier Azkue
Euskarazko kulturgintza sendotzeak euskara bera indarberritzeko balio duela sinetsita, Zumaiako talde eta erakundeen sarea aztertu eta estrategia batzuk proposatzen ditu egileak: auzolana bultzatzea, hiztun komunitatea trinkotzea, lidergoa baliatzea, elkarrekin egitea, identitatea lantzea, sarea jostea, ekosistema zaintzea... Euskal Kulturgintzaren Transmisiorako ikastaro amaieran egindako proiektuaren laburpen moduko bat da hau, beste elkarte edo herriren batzuetan antzeko proposamenak egiteko lagungarri izan daitekeena. Lehen bi ataletan Zumaian euskal kultura nola lantzen den aztertzen da, hasteko esparruz esparru, eta ondoren, xeheago, kulturaren sarea nola antolatuta dagoen. Hurrengo bi ataletan, berriz, ideia batzuk ematen ditu egileak euskarazko kulturgintza indartzeko, elkarte batzuei ardurak emanda, taldeen artikulazioa hobetuta eta kultur politika argiagoarekin.