Aiako (Gipuzkoa) kaleetan eta leku publikoetan hizkuntzen ahozko erabilera zein den neurtu dugu lan honetan. Gehienak dira soilik euskaraz egiten dutenak (%64), baina oso portzentaje nabarmenean egiten da gaztelaniaz (%24) eta kode aldaketaren fenomenoa ere begi-bistakoa da (%11). Aiarren harreman sareak aldatzen ari ote diren eta horrek hizkuntzen erabileran eragin argia izan dezakeen hipotesitik abiatutako lana da. Izan ere, azken urteetan gora egin du immigrazioak, eta, gainera, gizarte globalizatuago batean, ia erabat erdaraz jasotzen diren aisialdia eta informazio bide berriak dira nagusi. Horren isla argi zegoen ezagutzaren, etxeko erabileraren eta transmisioaren azken neurketako datuetan, eta orain leku publikoetako hizkuntzen erabileran ere berretsi egiten dela dirudi.