Urko Ikardo Enparan, Patri Arburua Etxeberria
Immigrazioa eta euskara da gaia. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak duela bi hamarkada ekin zien hizkuntza harrera eta migrazio prozesuen ondoriozko hizkuntza eta kultura aniztasuna lantzeari, dagozkion helburu eta jarduera esparrutik, hau da, euskararen biziberritzea lortzea eskualde mailan. Urteen joanean izan da bilakaerarik, bai gaia lantzeko ikuspegiari dagokionez, bai migrazioek eta gure jendarte kulturalki eta linguistikoki gero eta anitzagoek planteatzen dituzten erronkei erantzuteko bitarteko eta jarduerei dagokienez. Ibilbide dagoeneko luze horretan, bereziki erreparatu zaio mankomunitateko planetan gaia zehar lerro gisa lantzeak dakarrenari, abian diren zenbait egitasmoren azalpenean zertxobait sakontzen da, eta, aitzinera begira, euskara ardatz izanen duen jendarte kohesioa helburu, planteatzen diren erronka nagusiak begiz jotzen dira.