Datozen urteei begira, unibertsitatea, oro har, eta Euskal Unibertsitatea, bereziki, Euskal Herriak duen erronka handienetakoa da. Abiapuntu horri helduta, euskaldun unibertsitarioen, irakasle zein ikasleen, egoera zein den azaltzen digu Xabier Isasik artikulu honetan. Unibertsitateko legediaren marko estuan Euskal Herriko erakunde autonomoek eta foralek nekez ezar dezakete hizkuntza politika eraginkorra irakasleriarekiko. Kontua da euskararen presio soziolinguistikoa unibertsitateen ateetara iritsi dela eta ez dagoela euren aldetik, oro har, inolako egokitzapen handirik ikasleriaren profil soziolinguistiko berriari moldatzeko. Unibertsitatean normalkuntza prozesua ikertzen eta eraberritzen askoz gehiago egiten du Eusko Jaurlaritzak edo euskalgintzako zenbait eragilek, unibertsitateak berak baino. Bere iritziak datuen argitan jarri dizkigu egileak, horretarako bi datu iturri erabiliz: UEUk sortutako Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-basea (www.inguma.org) eta UPV/EHUko irakasleriari buruz eskuratutako zenbait datu. Ez dio irakasle euskaldunari egotzi nahi unibertsitario euskaldunen gaitz guztiak. Badu eduki bere erantzukizuna, baina benetako erantzulea, bere ustez, erakundea da; unibertsitatea bera, hain zuzen ere.