Irati Lizeaga Elizalde
Oarsoaldea eskualdea ardatz hartuta, arlo sozioekonomikoan euskararen egoera zein den jasotzea helburu izan duen ikerketa baten parte da artikulu honetan eskaintzen den emaitza. Euskararen egoeraren erakusle direlarik, urtez urte bailara-mailan lan-mundua euskalduntzeko egin diren zenbait ekimen kontuan hartu dira. Eta horrekin batera, Oarsoaldeko biztanleei zabaldutako galdetegitik ateratako emaitzen analisiak eskainiko dira. Era berean, galdetegi horren emaitzak 2003-2004. urteetan jasotako datuekin alderatu eta sektorearen araberako hizkuntza-datuen analisia egin da, datu horietan oinarrituta, bailarako lan-munduan euskarak duen egoeraren berri jasotzeko. • Hitz gakoak: Arlo sozioekonomikoa, hizkuntza-inpaktua, euskararen normalizazioa, lan-mundua.