Tesi honetan Nafarroako historia hurbilean (hondar lau hamarkadetan, 1970etik 2012ra) euskararen belaunez belauneko jarraipena nola gauzatu den eta egungo haur nafarrak zer egoeratan bilakatzen diren euskaldun aztertu da. Horretarako, egilea hizkuntza sozializazioaren eredu teoriko-metodologikoaz baliatu da. Sozializazio kontzeptuak gizarte erreprodukzio eta transmisio adigaietan oinarrituriko ikusmolde ohikoek oraindaino ikusezin utzitako hainbat alderdiri eta horien arteko elkarreraginei erreparatzea ahalbidetzen du.
Euskararen belaunez belauneko segida eta hizkuntza sozializazioa kualitatiboki ikertu da. Diseinuari dagokionez, bi kasu azterketa burutu dira, bata Nafarroako Mendialdean, Iruritan (Baztanen) eta bertzea Iruñean; eta bi belaunaldi hartu dira, 1970eko hamarraldian haziak eta haien seme-alabak, 2000tik aitzina sortuak. Ikermolde etnografikoari dagozkion ohiko teknikak (elkarrizketa sakonak nahiz behaketa zuzen eta partehartzaileak) ez ezik, azterbide biografikoa eta genealogikoa ere erabili dira, orain artio Nafarroako euskararen historia aztertzeko erabili ez direnak: hizkuntza ardatz duten narrazio biografikoak edo ¿egileak honela deiturik¿ glotobiografiak (eta horien adierazpen grafikoa diren glotobiogramak) eta berriemaile baten edo gehiagoren narrazioak uztarturik apailatu diren sendien hizkuntza-historiak edo ¿egileak honela izendaturik¿ familien glotohistoriak (grafikoki glotohistoriogramak). Hala bada, ikerlan honek Nafarroako bi gizataldetan euskararen belaunez belauneko jarraipena kaskaildurik edo ia etenik egonda mintzairaren segida berrestekatzeko eta umeak euskaldun hazteko familien bizipenak izan ditu oinarri.
Landa ikerketek erakutsi dutenez, Nafarroako euskararen historia hurbila ez da lineala edo etengabea; aitzitik, hizkuntzaren galtze eta berreskuratzea gertatu da, mintzairaren belaunez belauneko segidak hausturak nahiz estekadurak izan ditu, eta jarraipenarekin batera etena ere ageri da. Arrakala horiek hizkuntzaren espazioan eta denboran kausi daitezke, bai biziguneen artean, bai belaunaldien artean eta hiztunen bizi-ibilbideetan.
Nafarroako euskararen belaunez belauneko jarraipenak hiztunen hizkuntza-sozializazio prozesua izan du euskarri. Hizkuntza sozializazioak hiztunen bizialdi osoa, ez haurtzaroa soilik, hartzen du; prozesu orohartzaile edo holistikoa da, familiara mugatzen ez dena; dinamikoa, eragingarri askotakoa eta baldintza soziohistorikoei lotua, ez mekanikoa; elkarreragilea, ez noranzko bakarrekoa; malgua eta denboran aldakorra, ez beti-batekoa. Nafarroako euskararen historia hurbilean hizkuntzaren jarraipena hiztunen atxikimenduek eta hautu-erabakiek ahalbidetu dute. Izan ere, euskarak ez dirau Nafarroan guraso euskaldunek beti ume euskaldunak hazi dituztelakoz, hainbat nafarrek euskararen aldeko atxikimendu eta hautuak egin dituztelakoz baizik. Hiztun batzuk umetatik heldu zaien euskarari lotu zaizkio, baina bertze anitz euskarara gogoz hurbildu dira, hizkuntza ikasi, harremanetan sartu eta beretu dute. Hiztun horiek gero aitamatu direlarik, seme-alaben hizkuntza sozializazioa beretakotutako mintzairan egin nahi izan dute, eta horrela hasi da hainbat familiatan euskara (berr)etxekotzen.
Hiztunak euskararen jarraipenaren eraldatzaileak izan daitezke eta haurrak, hizkuntzaren segidan jasotzaile hutsak baino gehiago, eragile aktiboak eta hizkuntzaren historiaren eratzaileak dira. Beraz, egun Nafarroan euskaldun izatea hautua da. Euskara beretakotzea ez dator soilik sorlekutik, jatorritik edo gurasoengandik. Aukera hori hiztunek berek egiten dute mintzairarekin eratzen dituzten atxikiduren bidez. Euskarak iraun dezan belaunaldi bakoitzak mintzaira beretakotu behar du eta horretarako gizarte aukera egokiak baitezpadako ditu.