, Ricardo Etxepare (dir. tes.) 
, Ane Berro (secret.)
, Urtzi Etxeberria Otaegi (voc.) 
Tesi honen helburua partikula diskurtsiboen ezaugarri sintaktiko, semantiko eta pragmatikoak sakonago ezagutzea da, euskarazko partikula diskurtsiboen sistema osoaren analisia kasu azterketa gisa baliatuz. Hizkuntzetan artean hiru partikula diskurtsibo sail daudela proposatzen da lan honetan, euskaraz ere aurkitzen direnak: (i) Barne Partikulak (BP), (ii) Kanpo Partikulak (KP), eta (iii) Berreste Partikulak (BerP). Erakusten duten linearizazio propietateetan oinarriturik, partikula diskurtsiboak perpausaren egiturari pare-lotzen zaizkiola proposatu dugu. Euskarazko BP sailak partikula ebidentzialak eta epistemikoak biltzen ditu. Omen eta ei BP ebidentzialen propietateei erreparatu diegu eta modal epistemikoen propietateak dituztela ondorioztatu dugu. Hala, euskarazko BPek epistemikotasun kategoria zabal bat gorpuzten dutela proposatu dugu, AS eta DenbS kategorien artean lotzen dena. Al partikula da BPen artean epistemikotasunik gordetzen ez duen bakarra. Bi galdeketaren bitartez, alek hizketa ekintza erregulatzeko funtzioa duela zehaztu ahal izan dugu, eta BP epistemikoenetik desberdina den analisia proposatu dugu. KPei dagokienez, euskarazko ba partikula hartu dugu ikergai, eta haren propietate pragmatikoak formalizatu ditugu. Alderdi sintaktikoari dagokionez, perpausaren ezker-periferian pare-lotzen direla ondorioztatu dugu, perpausaren indar ilokutiboa (ILS) eta perpaus egitura (PMS) zehazten dituzten proiekzioen artean. Azkenik, ala BerPa ere ikertu dugu, ala kanpo partikularekin konparatuz. Bien arteko alde prosodiko, sintaktiko eta pragmatikoek BerPentzat analisi berri bat proposatzera eraman gaituzte, KPetatik desberdin dena nahitaez.